Berriozar,Fiestas,Fotografía,Igualdad,Vecin@s
Azken urteetan ohikoa bilakatu da Berriozarko jaiak hasi baino lehenago burutzen den sari banaketa. Bi lehiaketen sariak banatzen dira: alde batetik, jaietako kartel lehiaketa eta bestetik Berdintasunaren Aldeko Batzordeak antolatutako argazki lehiaketaren sari banaketa. Aurten ere eguraldi eguzkitsuaz gozatzeko parada izan dugu jaietan eta ondorioz beroa izan dugu bidelagun. Ekitaldira jende anitz gerturatu zen, sarituez gain herriko zinegotzi eta alkatea ere bertan izan ziren. Fermin Irigoien kultura teknikaria aurkezpen lanetan aritu zen eta banatu zituen lehenengo sariak jaietako kartel lehiaketarenak izan ziren. Lehenengo saria Kike Balenzategi barañaindarrak jaso zuen “Ohitura” lanarengatik. Bertako 1. Saria Paula Medina Urrak eskuratu zuen “Neska-mutil nagusien elkarrizketa” lanarekin eta azkenik Lucia Juez eta Sarmiento Poncek “Suaren mendeko lasterketak” kartelarekin haurrentzako saria lortu zuten, kirol materiala eskuratzeko 150 euroko saria.
ARGAZKI LEHIAKETA
Berdintasunaren Aldeko Batzordeak antolatutako lehiaketari dagokionez, lehenengo saria Yoli Rodriguez Martinezek 300 euroko saria irabazi zuen “Kontrasana-Contradicción” lanarengatik. Bigarren saria Oscar Mombiela Martinezek eskuratu zuen “¿Por qué no?-Zergatik ez?” argazkiarengatik. Hirugarren saria Kike Balenzateguik lortu zuen “Esan ozenki” irudiarekin. Honez gain, tokiko 1. Saria Elena Irigoyk eraman zuen “Denak elkartuta” lanarengatik, bigarren saria Iñigo Monrealek “Hautsi eta berdin bizi” argazkiarekin eta Emakume saria Amaia Goñi Martinezek lortu zuen “Sinkronizatuta” lanarengatik.
NABARMENDUTAKO ERAKUNDEAK
Ohitura den bezala, sari banaketarekin batera Udalak urtero pertsona edota erakunderen bat omentzen du. Aurten sarituak bi izan dira: alde batetik, Mendialdea Eskola ikasturte honetan 40 urte bete baititu. Eta bestetik, Zanpantzar Txiki taldeak ere 25 urte bete ditu eta hori dela eta Udalak nabarmendu nahi izan du. Saria jasotzera zanpantzar taldeko kide ugari hurbildu ziren eta bukaeran Raul Maiza alkatearekin batera argazkia atera zuten.
2015EAN JAIOTAKO UMEAK
Sari banaketa bukatutakoan, Udaleko aretoa ume gurdiz bete zen, izan ere, Udalak azken urtean jaiotako umeei zapia ipini baitzien. Guztiak agertu ez baziren ere, orotara 127 ume jaio dira Berriozarren azken urtean.
JAIEN HASIERA
Aurten suziria botatzeko ardura Berriozarko nesken futbol taldeak izan zuen, izan ere, aurten bigarren mailan arituko baitira. Ainhoa Zafra jokalariak sua piztu zuen betiere bere taldekideak ondoan zituela. Raul Maiza alkateakin ere hitz egiteko aukera izan genuen eta zerbait nabarmentzeko orduan lehenik eta behin Berriozarrek eraso sexisten aurkako kanpainarekin bat egiten duela izan zen. Berrikuntzei dagokionez, aurten agintarientzat antolatzen zen mokadua egitarautik ezabatu dutela esan zigun. Eta honez gain, egitarautik kanpo gero eta ekimen gehiago sortzen ari direla azpimarratu nahi izan zuen Maizak, alegia, herri mugimendua indartzen ari dela herrian. Aurrekontu aldetik ez da berrikuntzarik egon, azken urteetan bezala 70.000 euro bideratu dituzte jaietarako.
TEXTO: ITZIAR PEREZ