Berriozar

Berriozar Irratia

9 Jun , 2014  

Hiru urte uhinak kalera ateratzen

Gure herriko uhinak gozatzeari ekin zion Berriozar Irratiak duela hiru urte. Dialean zegoen hutsunea baliatuta, komunikazio proiektu berria martxan jartzea erabaki zuen Eguzkiplaza elkarteak, eta data berezia aukeratu zuen horretarako: Berriozarren Eguna. Ordutik, ehunka gai, gonbidatu eta kolaboratzaile igaro dira irratiaren mikrofonoen aurretik: herrikoak gehienak, baina baita kanpokoak ere.

Hirugarren urteurren hori ospatzeko, saio berezia egin zuen irratiak, Berriozarren Egunaren programazioaren barruan. Mikrofonoak, entzungailuak eta gainontzeko tresneria guztia kalera atera zuten Xabi Gallo eta Garazi Iraizoz “Kaixo Berriozar” magazineko arduradunek. Festarekin bat egin zuen irratiak, Eguzki plazatik zuzen-zuzenean. “Berriozarren Egun baten karietara jaio zen gure irratia, eta hori aitzakia gisa erabilita, egoera baliatu genuen irratsaioa kalera ateratzeko”, azaldu digu Gallok. “Zuzenean emititu genuen, eta irrati bidez ez ezik, Eguzki plazako bozgorailuetatik ere entzun ahal izan zen programa. Egun polita izan zen”.
Egiazki, hiru urte baino gehiago ditu Berriozarko irratiak, eta hedabidearen azken enkarnazioa da urteak egin berri dituena. Duela zenbait hamarkada, irrati pirata batek okupatu zituen Berriozarko uhinak, eta hori itxi ostean, lizentzia eman zuen Berriozarko Udalak. “Zartako” elkarteak hartu zuen herriko irratia egiteko ardura, eta hainbat urtez aritu ziren tokiko programazioa egiten, proiektua bertan behera gelditu zen arte. Horren jarraipentzat jotzen du Gallok gaur egun egiten duten lana: “Zartakoren proiektua eten zenetik hainbat urte igaro ziren, udalak lehiaketa publikora deitu zuen arte. Garai hartan, Eguzkiplaza elkartea indarra hartzen ari zen eguzkiplaza.net webgunearekin, eta irratiaren hutsunea betetzeko abagune polita ikusi zuten”. Ordutik hiru urte igaro diren arren, helburua berbera izaten segitzen duela nabarmendu du Berriozar Irratiko lankideak: “Helburu komunikatiboaz gainera, herrikoia ere badugu, herritarrengana hurbiltzekoa”.
Zartako elkartearen garaietatik aldatu dena teknologia da. Gaur egun, Eguzkiplaza.net agerkariak eta Berriozar Irratiak plataforma multimedia osatzen dute, eta sinergia interesgarriak sortzen dira medio baten eta bestearen artean. Hala, gaur egun, jendeak internet bidez entzun dezake zuzenean, ala nahi duen unean. Saio osoak entzun dezake, ala elkarrizketa solteak. Gainera, gaiak modu osoagoan lantzeko aukera eskaintzen du horrek.
Programazio osoa Berriozar Irratiak bi motatako saioak ematen ditu gaur egun. Alde batetik, Eguzkiplaza elkarteak ekoitzitako eduki propioak, eta bestetik, herriko elkarte eta bizilagunek era boluntarioan egindako saioak. Ekoizpen propioari dagokionez, “Kaixo Berriozar” magazin informatiboa da aipagarriena, aktualitateko elkarrizketez gainera, informazio buletinak ere biltzen dituelako. Goizero ematen dute, baina errepikapenak ere badaude eguerdian nahiz gauean. Arratsaldez, ordea, berriozartarrek aukera dute euren gustuko programazioa egiteko. “Orotariko musika saioak ditugu: rock musika, heavya, euskal musika, dancea… eta horrez gainera, kultura magazinak edota kiroletakoak ditugu”, laburbildu du Gallok.

Tres años llevando la voz de Berriozar a las ondas

El pasado Día de Berriozar, la emisora Berriozar Irratia celebró su tercer aniversario. Actualmente, Eguzkiplaza Elkartea se encarga de gestionar esta radio pública que cuenta con una programación variada, compuesta por espacios de producción propia (el magazine informativo “Kaixo Berriozar”) y por programas elaborados de forma voluntaria por vecinos y agrupaciones de nuestro pueblo. Para celebrar este tercer aniversario, los responsables del magazine “Kaixo Berriozar” sacaron la radio a la calle el pasado Día de Berriozar, en un programa especial que pudo escucharse en directo desde la plaza Eguzki.


Comments are closed.