Iker Mariezkurrena

Berriozar,Deporte,Euskara,Juventud,Vecin@s

“Gakoa belaunaldiz-belaunaldi pilota transmititzea da, hemengo kirola baita”

19 Nov , 2019  

Urriaren 26an Iker Mariezkurrena pilotari berriozartarrak Garfe enpresarekin debuta egin zuen herriko frontoian. Horrez gain, Berriozarko pilota eskolako arduradunetako bat ere bada 23 urte dituen atzelariak. Une gozo hau nola bizi izan duen jakiteko asmoz, harekin izan gara.


Urrian herriko frontoian Garfe enpresarekin debutatu zenuen. Nolakoa izan zen egun hura?
Oso egun berezia izan zen, oso azkar izan zen dena. Hasiera batean Baiko enpresarekin debutatzekoa nintzen, baina hainbat gauza hitz egin eta gero, ez debutatzea erabaki zen. Eta orduan Garfe enpresakoek deitu zidaten eta bi astetan debutatzeko esan zidaten. Gauzak horren azkar joateak urduritasuna baretzeko on egin zidan. Oso egun berezia izan zen, izan ere, egun berean Berriozarren FICBE ospatzen zen, Iruñean Altsasuko gazteen aldeko kontzentrazioa eta ez nuen frontoian jende asko espero. Baina azkenean frontoia bete zen.
Frontoia herriko jendeak bete zuen?
Bai, bai, berriozartarrak ia gehienak. Nire aldetik senideak etorri ziren baina ez ziren 40ra iritsiko; lagunak ere han zeuden. Baina horrez gain Berriozarko herritarrek erantzun zuten.
Tartean ere baliteke zure anaia, Jon, ere egotea.
Bai, bera ere hemen zen, gure partida baino lehenago Berriozarko pilota eskolako ikasleek bi partida jolastu baitzituzten, eta biak gara eskola horretako arduradunak.
Horrelako partidu baten aurrean, debutean, alegia, zer nolako sentsazioak ditu pilotari batek?
Ba egia esan, partidan Titin II.arekin batera jolasteko aukera izan nuen, Beroiz eta Elizalderen aurka. Titin asko mirestu izan dudan pilotaria izan da eta ez nekien zer maila emango nuen, baina entrenatzen oso sentsazio onak nituen eta eskuetatik arazorik ez. Baina horrelako partida batean inoiz ez dakizu nola erantzungo duzun.
Orain eskuetatik osatua zaude, baina aurretik eskuetako arazoak izan dituzu.
Bai, zorte txarra izan dut. 17 urterekin hiru hatzetan ebakuntza egin zidaten, zirkulazio arazoak zirela eta. Urtebete geldirik egon nintzen. Orain dela bi urte berriz ere eskuetako arazo larriagoa izan nuen, fibrosi bat atera zitzaidan eta hor eskua ireki behar izan zidaten, eta ondorioz, urte bete ia geldirik egon nintzen eta jokatzen hasi eta berriz mina sentitzen nuen. Horrek arazo psikologiko handiak izatera eraman ninduen, etxean askotan errepikatu izan nien pilota utziko nuela baina haiei esker ez nuen utzi.
Eta horrelakoetan, geldirik zaudetenean, alderdi psikologikoa latzena izango da.
Bai, oso gogorra da. Hala ere, horrelakoetan beste gauzetan zentratzen saiatzen zara. Nire kasuan tarte horretan nire anaiaren debuta izan zen eta etxean kriston poza hartu genuen. Horrez gain, magisteritzako gradua ikasten nenbilen eta bi urte horiek ikasketak amaitzeko probestu nituen. Fisikoki prestatzen saiatzen zara, pilota goxuarekin jolasten saiatzen zara. Ez nekien zenbat denbora egongo nintzen geldi, ez nekien zein maila emango nuen, baina orain oso pozik nago minik ez dudalako.
Zure anaiaren debuta armailetatik jarraitzea ere berezia izango zela pentsatzen dut. Nola bizi izan zenuen egun hura?
Oso egun berezia izan zen. Berez ni nintzen debutatzekoa urte hartan, biek baikenuen enpresarekin debutatzeko kontratua. Baina eskuko arazoak zirela eta, berak debutatu zuen. Oso gogotsu joan zen baina oso konziente ginen 18 urterekin fisikoki eta psikologikoki maila ematea zaila dela. Buruz oso indartsua da nire anaia eta ni bera baino urduriago jarri nintzen. Etxean poz handia hartu genuen, betidanik pilotazale amorratuak izan garelako.
Jonekin batera Berriozarko pilota eskolaren arduraduna zara. Zer moduzko osasuna du pilotak herrian?
Nire bostgarren urtea da eskola eramaten, hasieran 24 pilotari zeuden. Iaz eta aurten, ordea, poz handia hartu nuen, izan ere, ez dakit Jonen debutaren ondorioz edo, afizioa handitu da eta 70 pilotari daude eskolan. Gakoa belaunaldiz-belaunaldi pilota transmititzea da, hemengo kirola baita. Honez gain ikusi da lehen herrian pilota partida bat antolatzea ezinezkoa zela, ez baitzen jenderik hurbiltzen, beti futbolak izan baitu arrakasta gehien. Orain, aldiz, Jonen debutaren ondorioz jokatzen zuen frontoietara joateko autobusak antolatu dira Berriozarren. Eta hor ikusten da gauzak ongi egiten ari direla Berriozarren. Nik pilota-eskolan asko gozatzen dut 6 urterekin hasi ziren umeak orain jada 11rekin ikusten dituzu eta ongi ematen diote pilotari. Ikusten dudan beste berrikuntza pilotarien adina da, duela bost urte pilotaririk zaharrenak 15 urte zituen, eta orain, aldiz, 18 urteko 12-13 pilotari daude Berriozarren.
Zer nolako denboraldia aurreikusten duzu?
Garfe enpresak beste txapelketetan ere aritzeko aukera ematen dizu. Orain Diario Vasco txapelketaren semifinaletara pasa naiz eta abenduaren 7an Eibarren jokoatuko dut hurrengo partida. Besteti, abenduaren 28an Turtzion jolasten dugu Garfek antolatutako beste txapelketa.

Testua: Itziar Perez Bueno · Argazki: Patxi Pitillas


Comments are closed.