Berriozar,Cultura,Deporte

HEMEN DA 19. KORRIKA!!!

14 Mar , 2015  

Urepelen hasi eta Bilbon amaituko da martxoaren 19an hasiko den euskararen aldeko lasterketa. Guztira 2161 kilometro egingo ditu eta hamar egunetan zehar Euskal Herriko herri askotatik pasako da. Berriozartik hilaren 21eko lehenengo orduetan pasako da eta jarduera ugari antolatu dituzte Korrika Kulturalaren barne.

LOGO KORRIKA
Euskahaldundu! Hori da aurtengo Korrikaren leloa. Lasterketan zehar eskuz-esku joango den lekukoak gorde
tzen duen mezua ezagutzen ez badugu ere, jakin badakigu aukeratutako leloa azken Korrikaren mezuaren jarraipena dela. Izan ere, 18. Korrikaren amaieran, Baionan, Amets Arzallus bertsolariak irakurri zuen mezuan esaten zuen “Herri hau euskaraz pentsatuko dugu, edo ez da izanen”. Ideia horri jarraipena emanez, Aek-ko kideek “herri hau euskaraz pentsatzen ahal dugu, edo ezin dugu pentsatu” sortu dute, hau da, Euskahaldundu gaitezen.
Urtero legez lasterketak omenduak izan ohi ditu eta kasu honetan Durangoko Diska eta Liburu Azoka omendu nahi izan dute aurten 50 urte beteko baititu. Eta horrez gain, auzolana eta elkarlanaren adibide sendo bat delako. Eta horren isla da urtero abendu hasieran Durangoko azokara hurbiltzen diren euskaldun eta kulturzale kopurua, euskalgintzaren topaleku bilakatu dena.
IBILBIDEA
Martxoaren 19an, arratsaldeko 17etan Urepeletik abiatuko da Korrikaren 19. edizioa. Hortik Donibane Garazi, Maule, Ezpeleta eta Ainhoa, besteak beste, zeharkatu ondoren Nafarroa Garaira pasako da lekukoa Dantxarineatik. Handik Elizondora eta poliki-poliki, Baztango herrietatik igaro ondoren, Iruñerrira iritsiko da eta arratsaldeko 18.30 inguru Atarrabian egongo da lekukoa. Hortik Iruñeara igoko da eta gaua sartu orduko, Zizur eta Barañain bisitatu ondoren, lekukoa gauerdian Berriozarrera iritsiko da. Herriko kaleetan barrena ibili ostean, Irurtzunerako bidea hartuko du eta goizeko 5.30etan Gipuzkoan sartuko da.
KORRIKA KULTURALA BERRIOZARREN
Berriozarko Auzalor euskaltegiak hainbat jarduera antolatu ditu martxoan zehar egiteko. Hilaren 7an bertso saioa egongo dela probestuz, ondoren euskaldunon afaria antolatu dute Kirol tabernan. Martxoaren 14an Korrika Eguna ospatuko dute goizeko 12etan Eguzki Plazatik abiatuta, Korrikaren simulazioa egingo da. Ondoren, 14.30etan Labarga elkartean bazkaria egingo dute. Egunera amaiera emateko film laburrak ikusteko aukera izanen da Kulturgunean.
Prestatu dituzten beste ekitaldien artean liburuei buruzko solasgaiak eta Korrika txikia dira. Korrikaren hasiera nahiz bukaera ikustera joateko ere autobusak antolatu dituzte euskaltegikoek. Eta Korrika Berriozartik pasatzen den egunean 21etatik aurrera otamena prestatuko dute eta lasterketa igaro ondoren, Uesebe DJ-arekin gaupasa egongo da.

TESTUA: ITZIAR PEREZ • ARGAZKIA: PATXI PITILLAS


Comments are closed.