Berriozar,Cultura,Historia

IHESALDIA BERTATIK BERTARA EZAGUTZEN

11 Oct , 2018  

“Ezkaba 1938-2018” erakusketa ibiltaria Berriozarren ikusgai egon da hilabete batez. Gertakari honen 80 urte bete diren honetan, Nafarroako Gobernuak ekimen hau antolatu du une hartan bizitako bizipenak, bitxikeriak eta informazio ugari biltzen duen erakusketa sortuz. Ekainetik aurrera erakusketa Iruñerriko hainbat herrietan ikusgai egongo da.

Bi helburu nagusi ditu: alde batetik, esan bezala Ezkaba mendiko gainean 1938an bizi izan zen gertakari latz hura gogoraraztea; eta beste alde batetik, 1936 urteko golpe militarra eta gero egon zen tokirik beltzenetako bat gogoraraztea.

ERAKUSKETA

Udaleko sarrerak irailaren 12tik urriaren 11ra hartu duen erakusketa lau zatitan banatuta dago eta horietako bakoitzean entzungaiak, lekukoen testigantzak (bideoz zein idatziz) edota garai hura primeran erakusten duten txuri beltzeko argazkiak daude.

Lehenengo zatiak Gotorlekutik kartzelara izena du eta bertan Alfonso XII. edota San Kristobal Gotorlekuari buruzko informazioa agertzen da; hasiera batean Iruñea defendatzeko xedearekin eraiki baitzuten baina urteak pasa ahala, presondegia izatera pasa zela. Eta horren arrazoi nagusia gerran hegazkinak erabiltzen hastea izan zen, azkar batean gotorlekua zaharkitua gelditu baitzen eta ez zen sekula erabili hasiera batean planteatu zuten helbururako. Asturiasko iraultzan ere milaka atxilotu egon ziren eta ondorioz, urte pare batez San Kristobalgo Gotorlekua presondegi bilakatu zen horiek hartzeko. Egoera hori baina 1936 urtean amaitu zen Fronte Popularrak erabakitako amnistiaren ondorioz eta urte hartan kartzela hutsik gelditu zen urte bereko kolpe militarra gertatu zen arte. Orduan altxatuek jende asko hiltzeaz gain, beste asko atxilotuak izan ziren. Modu horretan gotorlekua zena Estatu osotik etorritako presoez bete zen, batez ere gaztelakoak, galiziarrak, euskaldunak eta asturiarrak egon ziren preso baita atzerriko 56 atxilotu ere.

NOLAKOA ZEN KARTZELA

Erakusketaren atal honetan bisitariek orduko kartzelako ziega bat nolakoa zen erakusten duen maketa bisitatzeko aukera izan dute. Bertan, egurrez eginiko bi metroko gela txiki bat ikus daiteke non garai hartako presoen egoera zein izan zitekeen erakusten digun.

Bigarren atala, Elkartasun sareak izenekoa preso egondako pertsonen familiek bizitako egoerak deskribatzen ditu eta baita presondegiaren inguruan sortu zen elkartasun sarearen historia kontatzen du, gehienak emakume ausartak ziren, askotan ezagutzen ez zituzten presoak bisitatzera joaten zirenak eta haien arropak garbitu, janaria eman eta horrelako laguntza eman zietenak dira.

EZKABAN HILTZEA

Atal honetan ihesaldia bera da protagonista. 1938an 2.500 preso zeuden kartzelan eta maiatzaren 22an 800 bat presok ihesaldian parte hartu zuten. Baina soilik hiruk lortu zuten muga igarotzea eta Urepelera iristea. Egun horretan 206 hildako egon ziren, batzuk mendian eta 14 bat gerra kontseiluan fusilatuak izan ziren.

Ondorioz, hildakoen gorpu asko gaur egun desagertuta daude. Honen harira erakusketak azaltzen du 2016 urtetik aurrera Nafarroako Gobernuak bere gain hartzen duela Aranzadi Elkarteak lurpetik ateratzen dituzten gorpuen kostua. 2016 urtean, adibidez, 31 prospekzio egin ziren eta horietatik 12 arrakastatsuak izan ziren eta ondorioz, 62 pertsonen gorpuzkiak aurkitu ziren. Lan hau guztia egitea ez litzateke posible izanen jendearen laguntzarik gabe, hau da, herritarrek dituzten datu eta oroitzapenak askotan arrakasta lortzeko gakoa baitira.

Honekin batera, aipagarria da Nafarroako Gobernuak urte berean sortutako ADN bankuaren sorrera, helburua 1936ko desagertuak identifikatzen laguntzeko tresna izan nahi duena. Honek asko lagundu du gorpuzkien identifikazioan, izan ere, ADN bidezko identifikazio biologikoa askoz ere zehaztasun handiagoa eskaintzen baitu.

MEMORIA DUTEN ESKOLAK

Erakusketaren azken parte honek Nafarroako Gobernuak martxan jarritako izen bereko egitasmoan oinarritutako belaunaldien arteko hezkuntza proiektua azaltzen du. Atal honetan memoria duten tokietan egin diren hainbat auzolandegi ikus daitezke, besteak beste, Botilen Hilerrian egin dena, hainbat lekuetako 25 gazte bildu zituena eta gertakari horien ondorioak ezagutzeko aukera izan zen 2017an. Honez gain, hezkuntza komunitatean ere gertakari hau lantzea bultzatu da eta eskola askotako ikasleek egin dute Ezkabara bisita edota beste batzuk exhumazioak ikusi ere. Eta noski, lan hau egin ahal izateko, ikertzaileen ekarpena ezinbestekoa izan da, haien eskutik heldu baitzaio gizarteari orain 80 urte gertatutakoa.

EZKABA PROIEKTUA

Azken urte honetan, Nafarroako Gobernuak 1938ko maiatzaren 22an gertatu zen ihesaldiaren harira Ezkaba proiektua martxan jarri du. Egitasmo honen barruan hainbat jarduera antolatu dira urtean zehar: hala nola, Botilen hilerrian burutu den nazioarteko auzolandegiak, edota GR225aren ibilbidearen sorrera, ihesaldian bertan parte hartu zuen Jovino Fernandez presoak mugara iristeko erabili zuen bidea, hain zuzen. Honekin batera, Amaia Kowaschek idatzitako “Sareak ehotzen” liburuaren argitalpenean ere lagundu du Gobernuak. Aldizkari honetan duela pare bat hilabete argitaratu genuen moduan, liburu horretan garai hartan presondegiaren inguruan sortu zen emakumeen lagun taldeak ziren protagonista, benetan pasadizo latzak eta interesgarriak kontatzen dituena.

Testua: Itziar Perez • Argazkiak: Iñaki Vergara

 

EXPOSICIÓN EZKABA 1938-2018
Este año se cumplen 80 años de la fuga que protagonizaron unos 800 presos en el Penal del monte Ezkaba. Por esta razón, el Gobierno de Navarra ha organizado esta exposición en la que se busca dar a conocer los detalles de aquel suceso y el contexto en el que se dio. Además, otro de los objetivos es mostrar la labor que durante los últimos años ha apoyado el Ejecutivo colaborando con distintas asociaciones de Memoria Histórica, así como financiando las exhumaciones realizadas en Navarra desde el 2016 o creando el banco de ADN con el fin de facilitar la identificación de los cuerpos que son exhumados. La muestra ha permanecido en el Ayuntammiento de Berriozar desde el 12 de septiembre hasta el 11 de octubre pero al ser itinerante, ha estado expuesta en diferentes localidades de la Cuenca de Pamplona. Esta iniciativa forma parte del Proyecto Ezkaba donde se han organizado diferentes actividades como campos de trabajo, se ha marcado la GR225 que realiza el recorrido que realizaron los presos que llegaron hasta Urepel.


Comments are closed.