Berriozar,Euskara

EUSKARA, INTEGRAZIOA ETA ELKARBIZITZA

9 Oct , 2014  

EUSKARA, INTEGRAZIOA ETA ELKARBIZITZA

Kulturguneko aretoa txiki gelditu zen Reyes Illintxeta eta Cecilia Themberen hitzaldia entzutera hurbildu ziren guztientzat. Solasaldi ezberdina zela esan daiteke, Euskararen Astearen barruan gaztelerazko hitzaldia entzutea oso ohikoa ez baita. Gaia ordea, oso erakargarria. Euskal Herria Irratiko esataria, Reyes Illintxetak eman zion hasiera solasaldiari. Euskal Herritik igaro diren hainbat herri aipatuz eta ondorio garbi batera helduz: euskararen biziraupena eta mendeetan zehar euskarak beste hizkuntzekin bizi izandako elkarbizitza. Haren esanetan, bizirauteko arrazoietako bat nortasunaren inguruko sentimendua da baita emozioa ere. Gaur egun ere, oztopoak oztopo, aurrera jarraitzen duela azaldu zuen Illintxetak.
Jarraian Cecilia Themberen txanda izan zen. Duela 20 urtetik Berriozarren bizi den emakume peruar honen ikuspegia ezagu- tzeko parada egon zen. Integrazioa bezalako hitzen esanahiaz aritu zen eta baita kanpotik datorren pertsonek euskararen mundua nola ikus dezaketen azaldu zuen. Beti ere, etorkin bakoitzaren ikuspegi eta bizipenak ezberdinak direla argi azalduz.
Amaitzeko entzuleei zuzendu zitzaien eta galderak edota ekarpenak botatzera gonbidatu zituen. Ondoren solasaldi aberasgarria eta entretenigarria izan zen, batez ere, hurbildutako bizilagunek bere ikuspuntua azaldu zutelako.

Manex Mailharin, euskaren asteko antolakuntzako kidea. “Euskalduntzean eta euskara beharrezko eta erakargarri egiteko prozesuan lan handia egin behar dela uste dugu”

Irailaren 15etik 21era burutu berri da Berriozarko Euskararen astea. Urtero bezala, hainbat ekintza antolatu dituzte euskara sustatu eta zabaltzeko. Ekimen honen antolatzaileekin mintzatu gara egitasmoaren helburuak ezagutzeko.

Zein da Euskararen asteko helburua?
Alde batetik, nolabait euskarak Berriozarren daukan lekua azaleratzea, euskaraz egiten diren ekintzak ezagutaraztea, euskaltegiak helduen euskalduntzearekin, Berrikilanek eskaintzen dituen ekintzen berri eman (spinning, aerobik, etab). Horretaz gain, guraso elkartea, Zorroka euskara elkartea, Urtxintxa haur eskolako guraso elkartea, gazteok ere euskararen gaia lantzen dugu gazte asanbladan, etab. Iaz sortu genuen ekimen berria Bertsoeskola izan zen, beraz, Berriozarren euskaraz egiteko eskaintza badago.
Eta bestetik, jendea euskara komunitatera edo euskalduntzera hurbiltzera animatu nahi ditugu. Azken finean, jendea bultzatu euskaraz ikasi eta hitz egitera.
Aurtengo egitaraua gustu eta pertsona guztietarako ekintzak zeuden. Reyes Ilintxetak eta Cecilia Thembek eskainitako bizikidetzaren inguruko gaztelaniaz eskainitako hitzaldia, Julian Iantzi edota haur jolasak.
“Euskara integración y convivencia” hitzaldiak erdal hiztunak euskarara erakartzeko helburuari erantzuten zion. Julian Iantzirena, berriz, euskaldunok Berriozarko plazan arratsalde polit bat euskaraz pasatzeko pen- tsatu genuen, Julian Iantzirenkin gauza berriak ikasiz.
Eta gazteak ekintza hauetara animatzen al dira?
Bai, animatu ohi dira.
Aurtengo euskararen astean bada azpimarratu nahiko zenuketen zerbait?
Bai, beno, iaz bezala egun nagusia larunbata da. Egun horretan Berriozarren euskaraz dauden ekintzak ikusarazi nahi ditugu. Eta horretarako iaz egin genuen moduan, kolektibo bakoitzak minutu batean azaltzen du bere zeregina.
Eta aurten bereziki garrantzia eman nahi izan diegu, euskara bizirik jarraitzea ahalbidetu duten eragile zein elkarteei: euskaldun zaharrak, Euskaltzaindia edota Udaleko Euskara Zerbitzua, Zorroka elkartea eta Argitxo.
Honez gain, iazko arrakasta ikusita aurten ere koadrilen arteko desafioa errepikatuko dugu. Koadrila bakoitzak kanta bat, dantza bat edota antzerkitxo bat euskaraz prestatzen du eta guztion aurrean antzeztu.
Eta berrikuntza moduan, igandean Kulturgunean zinema euskaraz ikusteko aukera izanen da igande arratsaldean. da.
Zenbat pertsona ari zarete antolaketan?
Kolektiboko bakoitzeko bat. Zorroka, AEK, Gazte Asanblada, Arditxo, Guraso elkartea eta konpartsa.
Eta nola ikusten duzue euskararen etorkizuna Berriozarren?
Uste dugu lan handia egin behar dela euskalduntzean eta euskara beharrezko eta erakargarri egiteko prozesu horretan. Baina ongi egiten bada eta guztion artean egiten bada, posible ikusten dugu euskararen komunitatea Berriozarren zabaldu eta handitzea.


Comments are closed.