Berriozar,Historia,Vecin@s

ORAIN DELA HAMAR URTE…

20 Dic , 2017  

2007ko abenduan gure aldizkariaren azalak Berriozarko txoko kuttunetako bat zekarren, latsarria edo harraskaren irudi ederra. Agurrean Ion Orzaizek Gabonetako gora beherak aipatu zituen, tartean egia borobila den eta latinetik itzuli zuen esaera eta guzti: “Eguberriak nahi baditugu, gerrarako presta gaitezen” (Si vis nativitatem, para bellum). Hortaz, hamar urte igaro eta gero, antzeko egoeran gaude.

Aldizkariko edukiei dagokienez, Elkar abesbatzaren erreportajea azpimarra dezakegu. Urte hartan 20.urteurrena betetzen zuen eta horren harira lau orrialdeko artikulua idatzi genuen, non talde honen sorrera eta bilakaera azaldu genuen.
Baina abesbatza ez zen izan 20.urtebetetzea bete zuen talde bakarrak. Izan ere, 1987an ere Berriozarko Musika Banda sortu zen eta horrenbestez, 2007an 20 urte bete zituen. Zenbaki borobil hori ospatzeko kontzertu berezia eskaini zuten herriko beste taldeez lagundurik, hala nola, dantzariak, erraldoien konpartsa, txistulariak etabar luze bat.
Politika kontuak ere izan genituen ale horretan. Hilabetez hilabete hauteskundetara aurkeztutako talde politikoen ordezkariei egindako elkarrizketekin jarraitu genuen. Abenduan PSN-ko Jose Antonio Navidad-en txanda izan zen. Udal taldeari buruzko iritziak, hauteskunde kanpainan egindako apostuak eta Berriozarrek hurrengo lau urtetan izango zituen erronkei buruz aritu zen.
Politikaz gain, hurrengo orrialdetan Txolin ludoteka izan zen protagonista. Bertan umeek egiten dituzten ekintzak eta ordutegiak deskribatzen ziren. Bitxia da erreportaje horretan agertzen diren umeak gaur egun ziurrenik bigarren hezkun-tzako ikastetxean ariko direla pentsatzea.
Herri kirolak ere bere tartetxoa eduki zuen ale horretan. Berriozar Kirol Elkartearen sorrera azaltzeaz gain kirol honen jatorriari buruzko azalpena agertzen zen. Hemengoa dela uste dugun arren, Europa eta nazioartean ere antzeko jokoak baitaude, guztiak nekazaritza lanetan oinarria dutelarik.

Honez gain, azaroaren 25aren haritik Berriozarren hainbat ekintza antolatu ziren “Aski da!/¡Basta ya! lelopean tratu txar sexistak saihesteko asmoz. Horien artean ALBA, Emakumearen arretarako zentroak, Udalak eta Emakumeen Kultura arteko elkarteak hitzaldi, bideo emanaldi eta erakusketa antolatu zituzten.
Herriko berrikuntzei dagokionez, Berriozarko hainbat tokitan egindako mantentze-lanak aipatu genituen argazki erreportaje batean. Horien artean, espaloien konponketa, zebra bideak edota liburutegian ipinitako gela intsonorizatua izan ziren aipagai.
Musikaren atalean Ja ta Ja taldea izan zen protagonista. Flamenkoa eta hainbat estilo nahasten zituen taldea. Fusioari buruzko iritzia, entseiuen nondik norakoak eta emango zituzten kontzertuei buruzko informazioa agertzen zen.
Eta amaitzeko, Gabonei buruzko inkesta argitaratu genuen. Berriozarko hamar bizilagunei Eguberriei buruzko iritzia eskatu genien, nola ospatuko zituzten edota zer iritzia zuten urteko ospakizun honen inguruan.
Eta horrelaxe eman genion bukaera 2007 urteari, betiko moduan, urtarrileko alea prestatzen eta urte berriak ekarriko zizkigun berrien zain.

TESTUA: ITZIAR PÉREZ • ARGAZKIAK: IÑAKI VERGARA.
Argazki oinak: 1) 4.zenbakiaren azala. 2) Bandaren 20.urteurrenaren kontzertua fanfarrearekin batera. 3) Berriozarko Elkar Abesbatzak. 4) Txolin Ludoteka.


Comments are closed.