Berriozar,Educación,Solidaridad

SAHARAREN ASTE ARRAKASTATSUA

8 May , 2018  

Urtero legez, Berriozarko Sahararen Lagunen Elkarteak Elkartasun astea antolatu zuen pasa den apirilaren 10etik 14ra bitartean

Lehenengo egunean, asteartean, ekimen berri bat antolatu zuten: Saharako sukaldaritza ikastaroa Zulo Alai elkartean. Ekimen honetara 50 bat pertsona hurbildu ziren eta bertan Mohamed Gailani, Mendebaldeko Saharak eta Frente Polisarioak Nafarroan duen ordezkariordeak, bere emazte eta ilobekin batera, kus-kusa nola prestatzen den erakutsi zuten. Plater horren prestaketa luzeegia denez, saharauiek aldez aurretik hainbat osagai prestatuta ekarri zituzten. Nola sukaldatzen den ikusteaz gain, bertaratutakoek sahararren jateko ohiturei buruzko hainbat galdera egin zizkieten. Prestaketa lanak amaitutakoan, parte-hartzaile guztiek kus-kusa haragi eta barazkiekin jateko aukera izan zuten. Ekimena doainik bazen ere, antolatzaileek parte-hartzaileei borondatea emateko saskitxo bat ipini zuten.

Elkartasun aste honen bigarren ekimena asteazkenean izan zen herriko liburutegian. Bertan “Chertat eta lehoia” kamishibaia aurkeztu zuten. Ekimen honetara ere herriko hainbat ume hurbildu ziren.

Ostegunean, hilaren 12an, urtero egiten den moduan hitzaldia antolatu zuten. Aurtengo gaia Saharako Zine eskola izan zen eta horri buruz hitz egiteko bertan laguntzaile aritutako irakaslea eta Carlos Cristobalek parte hartu zuten. Hitzaldia hasi baino lehen, Raul Maizak Udalaren izenean Saharar herria laguntzeko hitzarmena sinatu zuen.

Solasaldiari dagokionez, eskolak dituen erronkez gain, haren funtzionamendua, saharar gazteen egoera eta hainbat gai jorratu zituzten. Honez gain, eskola bertan ekoiztutako laburmetraia ere aurkeztu zuten.

Asteari bukaera emateko, larunbatean Zulo Alai elkartean 150 pertsona bildu ziren Sahararen aldeko afarian. Bolondresek prestaturiko afariaren menua entsalada, salda, orkatza eta mamia izan zen. Jaki goxo hauen ondotik, zozketa bat egin zuten eta Saharak Nafarroan duen ordezkariordearen hitzak entzuteko aukera izan genuen. Baita ANAS elkarteko kideena ere, udarako datozen umeentzako familien beharra azpimarratu zuten.

Aste honetan zehar bildutako dirua, Saharar herria laguntzeko bideratuko dute Berriozarko Sahararen Aldeko Lagunek.

 

TESTUA: ITZIAR PEREZ • ARGAZKIA: IÑAKI VERGARA


Comments are closed.