Berriozar,Euskara

Zorroka, euskararen alde
lan ta lan

11 Nov , 2014  

“Ez dut uste euskararen erabilera gutxitu denik, nik esango nuke handitu dela, batez ere gazteen artean lehen baino gehiago entzuten dela”

Berriozarren euskararen alde lan egiten duen elkarte beteranoa da Zorroka. Euskararen erabilera areagotu eta indartzeko jarduera ugari antolatzen ditu urtean zehar. Elkarte hau bertatik bertara ezagutzeko asmoz, bertako kide den Mikel Ortigosarekin mintzatu gara.
Nola sortu zen Zorroka eta zein da bere helburua?
Zorroka baino lehenago bazegoen elkarte bat Berriozar Berriz Euskaldun izenekoa. Hausnarketa baten ondorioz, gaur egun ezagutzen dugun Zorroka sortu zen, 1998 urte inguruan.
Gure helburuari dagokionez, euskara elkarte bat gara, Berriozarko euskaldun guztiak bildu nahi dituena, euskararen erabilera sustatu eta indartzeko lan egiten duena. Egun, ehun bat bazkide gara eta hainbat jarduera antola-
tzen ditugu. Honez gain, Zorrokaria aldizkaria egiten da.
Zer aurki dezakegu Zorrokarian?
Hilean behin argitaratzen dugu, orain 158. alea kaleratu berri dugu. Urtean 10 ale, udan ale bakarra kaleratzen dugulako. Saiatzen gara Berriozarko euskaldun guztion ekarpenak biltzen. Badago atal bat Hirutan Hiru deiturikoa, non iritziak jasotzen diren, berri txikiak, umeen ekarpenak, gazteen txokoa eta orain ere institutuko beste atal bat sortuko da. Normalean gai nagusi bat egoten da eta horren inguruan elkarrizketa egiten da.
Non eskura daiteke Zorrokaria?
180 ale inprimatzen ditugu. Sarean Eguzkiplazan pdf-ak egoten dira eskuragai. Paperean bazkideei banatzen zaie baita eskolan, institutuan eta liburutegian ere. Oso berde badago ere, gure asmoa boletin elektroniko bat egitea da. Baina hori etorkizuneko ideia da. Aldizkarian zortzi lagun gaude, Andonik koordinatu egiten du, Jokinek maketatu, etab. Zorrokariaren elementu identifikatzaile bat Andonik egiten duen biñeta da, Txolin.
Nolako ibilbidea izan du elkarteak? Eta herriak?
Elkarteak hasieran inpultso handia eduki zuen, eta denboraren poderioz zerbait apaldu dela uste dut. Herriarekin batera aldatu egin da, nik esango nuke herrian ere aldaketa soziologiko handia gertatu dela. Orain gazteen artean mugimendua badago, baina hainbat urtetan ez da mugimendurik egon. Zorrokan gelditu ginen helduago ginenok eta gazteagoak ez ziren sartzen. Hori dela eta, Zorrokak bere jarduerak zentratu zituen gehiago jarduera kultural edo literarioetan, agian momentu batean jendeak ez zuen bereizten aldizkaria eta elkartea ere. Horregatik orain saiatzen ari gara elkartea irekitzen eta beste gauza batzuk egiten.
Zer nolako ekintzak antolatu dituzue jendea erakartzeko?
Azken urteotan, poteoa bultzatu dugu, mendi irteerak berriz egiten saiatu gara, Laburbira ekarri dugu aurten (laburmetraien emanaldia), Arditxo ere indartu dugu. Orain liburua-solasgai (liburu bat irakurri eta ondoren eztabaida sortu) institutuko irakasleekin batera egiten dugu ikasleek parte har dezaten. Azken urteetan, Zorrokan lan handia egin da Euskararen astean, baina hau Berriozarko gainontzeko elkarteekin batera antolatzen den astea da. Korrikarekin batera ere, Minutu bateko eleak izeneko ekintza egiten da, testu bat aukeratu eta ondoren pertsona askoren artean irakurketa egiten dugu. Saiatu gara denetariko jarduerak egiten.

Zer egin behar du Zorrokan sartu nahi duen pertsonak?
Onena da gurekin harremanetan jartzea zuzenean. Andoni Ropero, Zorrokaren arduraduna, Iosu Maia edota nirekin. Bestela badago helbide elektroniko bat zorroka@topagunea.org gurekin harremanetan jartzeko. Hamabostean behin elkartzen gara euskaltegian.
Aipatu beharra dago, Zorroka Topagunearen barruan dagoela. Topagunea euskara elkarteen federazioa da eta horren bidez, Laburbira edota aurten Julian Iantzi Euskararen astera ekarri ahal izan genuen. Topagunearen bidez, ikuspegi globalago bat daukagu, Euskal Herrian dauden beste elkarteen lanak ikusten ditugu.
Arlo ekonomikoari dagokionez, zein da elkartearen diru-iturria?
Gure diru-iturri nagusia bazkideen kuotak dira. Gero Udaletik jasotzen dugun dirulaguntza, kultur jarduerak antola-
tzeko. Eta honez gain, jardueretan atera daiteken dirua beste jardueretan inbertitzen da berriz ere. Garai batean Nafarroako Gobernuko dirulaguntza jasotzen genuen baina orain jada ez dago.Autosufizienteak garela esan daiteke. Ez gabil-
tza oso larri, baina daukagunaren arabera antolatzen ditugu jarduerak. Diru gehiago behar duen ekintza antolatu nahi izango bagenu, arazoak izango genituzke.
Nola ikusten duzue euskara Berriozarren?
Nahiz eta urte hauetan euskaldun kopurua asko handitu den, argi dago euskararen erabilera hein berean ez dela handitu. Eta gero, nik uste dut, Berriozar Berriz Euskaldun hasi zenean, bazegoen ahalegin handiago bat euskaraz egiteko. Eta hori ez da mantendu. Halere, ez dut uste euskararen erabilera gutxitu denik nik esango nuke handitu dela. Eta batez ere, gazteen artean lehen baino gehiago entzuten dela. Baina argi dago ez dela handitu handi zitekeen bezala. Gainera azken urteetan ez denez azterketa soziolinguistikorik egin, ezin jakin.

ZORROKA, TRABAJANDO A FAVOR DEL EUSKARA
Se trata de un colectivo que lleva mucho tiempo trabajando a favor del euskara en Berriozar. Por ello, hemos querido conocer de primera mano cómo se creó y qué actividades desarrolla en la localidad. Para ello hemos hablado con Mikel Ortigosa, miembro de Zorroka. Tal y como nos ha comentado Mikel, “Zorroka se creó hacia 1998, pero antes hubo otro colectivo llamado Berriozar Berriz Euskaldun. El objetivo de Zorroka es fomentar el uso del euskera en Berriozar y para ello organizamos diferentes actividades”. Entre ellas se encuentran triki-poteos, comidas, euskararen astea o liburua-solasgai, que consiste en la lectura de un libro y debate posterior, entre otros. Para Ortigosa la realidad lingüística de Berriozar ha cambiado ya que el número de euskaldunes se ha incrementado y por eso hoy en día se puede escuchar más euskara, sobre todo entre los más jóvenes.


Comments are closed.