Berriozar,Cultura,Euskara

Ayuntamiento de Berriozar | Berriozarko Udala

27 Oct , 2022  

Berriozarren euskaraz bizitzeko ahalegina

Azaroaren 18tik abenduaren 2ra izanen da Euskaraldiaren 3. edizioa. Gaztelaniaz hitz egiteko ditugun inertziak astindu eta 15 egunez euskaraz aritzeko ariketa soziala izanen da.

Zergatik hitz egiten dugu gaztelaniaz euskaldunon artean? Zenbatetan hasi dugu gaztelaniaz elkarrizketa bat besteak euskaraz ez dakiela pentsatzen dugulako? Zein hizkuntzatan egiten dugu lehenbiziko hitza ezezagunekin? Eta zenbatetan ohartu gara gero bestea euskalduna dela edo euskaraz ulertzen duela? Berandu hala ere; gaztelaniaz harremana egiteko ohitura hartu baitugu eta zaila da behin hasita aldatzea.

Inertzia horiek haustera dator Euskaraldia. 2018an eta 2020an egin ostean, aurten ere martxan da ekimena, Berriozarko herritarrei esker. Eta nola ez, herriko saltoki, elkarte eta eragileei esker ere bai, euskaraz lasai aritzeko Ariguneak sortu baitituzte, euskaraz lasai aritzeko guneak. Espazio hauetan euskaraz egin dezakegula ziurtatuta daukagu.

Taberna, frutadenda, kiroldegi, musika eskola, kirol eta kultur taldeak… arigune ugari sortu dira Berriozarren, eta horiek identifikatzeko ondokoa bezalako kartelak ikusiko dituzue ateetan. 

Nola parte hartu?

Euskara ulertzeko gai zareten guztiek parte hartu dezakezue Euskaraldian, bi modutan: euskaraz mintzatzen, edo mintzatzeko gai ez bazarete, elkarrizketa elebidunak izaten. Ahobizi eta Belarriprest rolak dira hauek, beheko eskeman azalduta dituzuenak. Parte hartzen duzuenak ere identifikatuta joanen zarete, txapa bat arropan eramanda. Horrela, euskaraz norekin hitz egin dezakegun erraz ikusiko dugu.

Non eman izena?

Izen ematea azkar-azkar egiten da: euskaraldia.eus webgunean ‘EMAN IZENA’ sakatu eta bi pausotan egina izanen duzue. Bestela, Berriozarren izena emateko eta txapak banatzeko mahaiak egongo dira. Adi egon, horri buruzko informazioa izanen baita laster. Goizez, udaletxeko Euskara Zerbitzuan ere egin dezakezue izen ematea eta txapa hartu. Etxean jartzeko banderatxoak ere izanen dira aukeran.


Comments are closed.