Berriozar,Educación,Mujer

Berriozar morez jantzita

13 Abr , 2015  

Aurten Emakumearen Nazioarteko Eguna igandea izan zen eta egun horretako ekitaldi nagusia, urtero legez, Iruñean ospatzen den manifestazioa izanik, Berriozartarrek larunbatean jaieguna antolatu zuten. Festa giroa nagusitu bazen ere, aldarrikapenak ikusgai egiteko eguna izan zen, eta Eguzki plaza kolore morez atontzeko eguna.

Ekitaldiak Eguzki plazan izan ziren goizeko hamabietatik ordubiak bitartean. Eguraldi ona lagunduta, ekitaldia argazki erakusketaren inaugurazioarekin hasi zen eta jarraian Ulargi taldeko dantza ikuskizunak, nesken irristaketa eta soinketa erritmikoko erakusketa egon ziren.

Ondoren, Afrikara egindako bidaia konprometitua antzezlana taularatu zuen Flor de Afrika elkarteak.

Ikuskizunak iraun zuten bitartean taloak eta marokoar pintxoak dastatzeko aukera egon zen.

Emakume argazkilarien erakusketa

Egun horretan ere Bergazki Elkarteko emakumeek antolatutako argazki erakusketa aurkeztu zuten, Berriozarko emakumeak izenekoa. Argazki-bilduma honen xedea Berriozarko emakumeei esker ona adieraztea da eta herriko 20 emakumeri eginiko erretratuak biltzen ditu. Erakusketa hainbat tokitan ikusgai egongo da datozen asteotan, besteak beste, kiroldegian, Kulturgunean edota osasun etxean.

TESTUA: ITZIAR PEREZ • ARGAZKIAK: IÑAKI VERGARA


Comments are closed.