Beste urte batez, Berriozarrek Kirolaren Eguna ospatu zuen non kirol berrien nondik norakoak erakusteaz gain, Udaleko Kirol Zerbitzuak herriko hainbat kirolari eta kirol talderi bere esker ona adierazi baitzien. Ez ziren ordea ezustekoak faltatu eta horietako bat udaleko zinegotziek jaso zuten aipamen berezia izan zen.
Berriozarren kirol zale asko dagoela jakina da eta azaroaren 27an, Kirolaren Egunean, Berriozarko Entzunaretoa zaletasun horren isla izan zen. Eserleku guztiak beteta zeudelarik, Iosu Bayo (Udal kirol teknikaria) eta Xabi GALLO aurkezle lanetan hasi ziren.
Hasi eta berehala, oholtza irristalari gaztetxoez bete zen eta Manu Goñi entrenatzailearen laguntzarekin, kirol honen hainbat ariketa burutu zituzten.
Jarraian, afrikar dantzen tartea izan zen, non Maria Arcos irakaslearekin batera lau umek dantza erakuskizun bat egin zuten Danbakhana perkusio taldearen erritmoa jarraituz. Gaur egun, Mendialdea eskolako soinketalekuan eskaintzen da Afrikar dantzen ikastaroa. Ostiralero, arratsaldeko 16etan txikien taldea (ama edota aitarekin batera dantzatzen dutena) ibiltzen da dantzan eta 18.30etan helduen taldea aritzen da gorputza mugitzen.
Ondoren xakearen txanda heldu zen eta Alfredo Ruiz monitoreak kirol honen hainbat mito apurtzen saiatu zen. Haren esanetan, “xakea ez da joko berezia, guztiontzako jokoa da”. Honez gain, kirol hau edozein pertsonarekin praktikatu daitekeela aipatu zuen, nonahi eta noiznahi. Xakea praktikatzeko aukera Berriozarreren Mendialdea eskolako guraso elkarteari eskertu behar zaio, haiek proposatu baitzuten duela bi urte kirol hau. Arrakasta ikusita, urtarriletik aurrera xake ikastaroa egingo da Berriozarren eta urtarrilaren 4an erakustaldi irekia egingo dute.
Esker onak
Hurrengo protagonista hegan egiten ibiltzen den berriozartarra izan zen, Ivan Colas. 14 urtez parapentea praktikatzen ibili da eta bere kurrikuluma ez da makala. Aurten badu gainera helburu garrantzitsu bat: Alpeak Salzburgotik Monakora gurutzatzea, 1.000 kilometroko zeharkaldia eginez. Lasterketa hau Red Bullek urtero antolatzen duen XAlpes da.
Aitorpena jaso zuten hurrengoak Miguel Angel Vila eta Jose Antonio Piñar izan ziren, biak futbolean kategoria ezberdinetan epaileak dira. Bestalde, Marisol Sanchezek, gaur egun herriko futbol taldeen koordinatzailea dena, aipamena jaso zuen baita Luis Miguel Gallo futbol entrenatzaileak ere.
Arte martzialek ere bere lekutxoa izan zuten, izan ere, David Garcia Ros taekwondo monitoreak eta kadete mailan aritzen den Ane Cinto gazteak aitorpena jaso zuten. Honekin batera, Josune Urra karatekak ere saria jaso zuen Jose Ruzen eskutik. Eta arte martzialekin amaitzeko, Berriozarko Judo taldeak beste sari bat eskuratu zuen.
Ur kiroletan Adrian Rios goraipatu zuten eta bere ama eta zinegotzia den, Arantxa Riosek, saria eman zion.
Esker ona jasotako beste berriozartarrak Jose Luis Tabar pilotaria, Rosa Luena korrikalaria eta Berriozar BTT taldea izan ziren. Eta zinegotzientzako ustekabea izan bazen ere, azken orduan aipamen berezi bat eman nahi izan zieten, egungo egoera politiko eta ekonomikoaren aurrean, Berriozarko Udalak kirolaren alde egiten duen apustuagatik. Saria Patxi Unzue kirol zinegotziak hartu zuen eta haren ustez esker ona herriko guraso eta kirolari guztiek hartu behar dutela izan zen, haiei esker kirola bizi-bizirik baitago herrian.
Ospakizuna amaitzeko, hainbat bikotek dantza latindarren erakustaldia egin zuten, urtarriletik aurrera ikastaroa hasiko baita.