Berriozar,Mujer

Maider Galarza IPUIN KONTALARIA

14 Mar , 2015  

“Ipuinetan ahalduntzea interesatzen zait, hau da, autoestimua eta norberak bere burua maitatzea, eta hortik aurrera edozer gauza lortzea”

cartel8M_def-1

Emakumearen Eguna ospatzeko antolatutako jardueren artean, martxoaren 5ean Maider Galarza (Irun, 1982) ipuin kontalariak Printzesak kontu kontari / Palabra de princesa ikuskizuna liburutegian eskaini zuen. Egun batzuk lehenago harekin mintzatzeko aukera izan genuen ipuingintzan genero ikuspuntuak duen garrantziaz eta baita umeek zein helduek gai honen aurrean duten jarreraz ere.

Printzesak kontu kontari ikuskizunean zer kontatzen duzu?
Ipuin ezberdinak kontatzen ditut saio horretan. Ipuin bakoitza genero ikuspuntutik egina dago, batzuetan gaia ardatza da baina beste batzuetan ez da ardatza baina gaiak zeharka agertzen dira. Adibidez, etxekolanen gaian denon artean egitea eta horrelakoak. Batez ere, etxekolanez gain, ipuinetan gehien azpimarratzea interesatzen zaidana genero ikuspuntutik da ahalduntzea (edo empoderamiento), hau da, autoestimua eta norberak bere burua maitatzea, eta hortik aurrera edozer gauza lortzea.

Eta horrelako gai sakonak nola hartzen dituzte umeek? Zer nolako erantzunak dituzte?
Gauza da berez ipuin gehienetan badirela gai sakonak, ipuin herrikoiek berez badituzte gai sakon pila bat gordeta, horregatik egiten dira eta horregatik ere gorde izan dira hainbeste urtetan zehar. Badutelako beti egi sakon bat azpian gordeta. Eta hori umeek badakite entzuten, nahiz eta intelektualki ez dizuten esaten: hemen dago ez dakit zer gai…, baina haiek ideiak barneratzen dituzte eta ulertu egiten dute. Askotan helduek baino hobe ikusten dituzte gauza horiek, ipuin baten altxor horiek. Askotan, kultur programatzaileek esaten dizute: nahi dugu ikuskizuna genero ikuspuntutik, edo elkartasunarekin lotura izatea… baina askotan ipuinek berez gai horiek jorratzen dituzte.

Sarri entzun dugu ipuinetan estereotipo asko aurki ditzakegula. Ipuingintza aldatu egin al da edota betiko irudiek berdin jarraitzen dute?
Badaude bi alde: alde batetik, estereotipoak daudela esaten dutenak eta horiek apur-
tzeko ipuin berriak sortzen ari den jendea. Adibidez, Txanogorritxo kontatzeko mila modu daude. Eta hori, nire ustez, ongi dago baina askotan ez dakigu zertaz ari garen. Askotan ipuin klasikoek badituzte metaforak eta adibidez, batzuetan printzesa ez da printzesa, baizik eta pertsona bat moralki oso garatua dagoena eta horregatik jartzen zaio printzesa bezala, baina ez printzesa izan nahi duelako. Edo badaude gauza pila bat, sakonduz gero ez direla hitzez hitz hartu behar, beste zerbait esan nahi dutelako. Eta askotan horiek hautsi egin ditugu, metafora horiek errespetatu gabe. Badira besteetan apurtu beharreko estereotipoak baina beste askotan heldua bere ikuspegiarekin dator eta hau eta hau esaten du eta agian ez da hori, ipuinak atzean beste gauza batzuk izan di-
tzake ezkutaturik.

Zure ustez ipuinek berdintasuna lortzen lagun dezakete?
Bai, nik uste dut baietz. Ipuin bakoitzak baduenez bere ikasgaia, azkenean uste dut balio duela pertsona garatuagoak egiteko, bai genero ikuspuntutik, bai elkartasunaren arloan, gauza askotarako baliagarriak dira. Ipuina nahi duena da ditugun arazo eta gatazkei irteerak ematea. Askotan emozio-adimena garatzeko balio dute ipuinek, behintzat nik ez dut pertsona oso bat ikusten genero perspektibarik ez duena, ezin daiteke izan.

Helduei zuzenduriko ikuskizuna duzu non genero ikuspegia lantzen duzun, Emakume basatia izenekoa. Zer nolako esperientzia izan duzu ikuskizun honekin? Zer moduzko harrera izan ohi du?
Saio hori asko gustatzen zait, oso ipuin bereziak dira. Hor gertatu izan zaidana da, izenburua Emakume basatia da eta gizonezkoak ikuskizunera hurbildu direnean, amaitutakoan esan didatela: “buuf, ba zer ongi pasatu dudan, ez zen emakumeentzat”. Eta noski nik esaten diet “emakumeentzat da ere bai”. Edo aipatzen duten bestea, “pixka bat beldurtuta nentorren”. Gertatzen dena da askotan esaten dugula: gaur platanoa, gaur laranja eta ipuin batek osagai guztiak batera ditu, horregatik, emakume batek entzun dezake, baina gizon batek ere. Ipuinak ez dira estereotipoak dituztenak edo emakumeak gutxiesten dituztenak. Gaiak guztientzat dira, nahiz eta agian umeek gai batzuk ez lituzketen ulertuko. Azkenean ematen du emakumearen ahalduntze hori besteari gutxiesten diola eta berdintasuna ez da hortik pasatzen.

TESTUA: ITZIAR PEREZ • ARGAZKIAK: MAIDER GALARZA


Comments are closed.