Berriozar,Cultura

Xaloa, herriko telebista

20 Dic , 2017  

Berriozarko erdigunean, aintzineko liburutegia zegoen lokal berdinean, gaur egun albistegiak, elkarrizketak eta saio desberdinak sortzen dira Iruñerriko biztanleriarentzako. Hain zuzen ere, Xaloa Telebistaren Iruñerriko egoitza bertan baitaukagu

Sofan eserita izanik 38. kanala telebistan aukeratuz, ezohiko telebista kate bat aurkituko dugu; Xaloa Telebista. Pasa den mendean, 1997an, Baztanen sortu eta 2015ean Berriozarrera, Iruñerriko eskualde osoan igortzeko asmoz, heldu den telebista.
Euskaraz solasten den kate honek egunero 3 – 4 orduko programazioa eskaintzen du. Katearen ardatza, bai Nafarroako Gobernuko bai gure inguruko Udaletako berriak aurkezten duen albistegia daukagu. Bertan Nafarroan gertatzen diren albiste orokorrak eta hainbat herri txiki edo handitan sor- tzen direnen inguruan informatu egiten gaituzte. Ondoren beste albistegi murriztuago bat daukagu, non batez ere lerroburuak aipatzen diren. Honetaz gain, egunero gutxienez bi elkarrizketa izan ohi ditugu. Bertan herri erakundeek, Gobernuz Kanpoko Erakundeek edo gizartean ezagunak diren talde, erakunde edo pertsonek beraien ikuspuntu, nahiak edo ekintza desberdinak aurkeztu eta azaltzeko aukera dute. Haurrentzako euskarazko marrazki bizidunak bertan ikus ditzakegu ere, beste saio ezberdinekin batera.
Urruneko kontrolarekin zaping azkarra eginez telebistako beste kate arrunt bat badirudi ere, lehen aipatu bezala ezohiko katetzat har dezakegu bere jatorri eta filosofiarengatik. Honen inguruan gehiago jakiteko, Xaloa Telebistaren sor- tzaile eta zuzendariarekin, Joseba Igarabiderekin, berba egin dugu.
Josebak aipatzen digun bezala, 1997 urtea aurretik, berak beste lankideekin batera Baztan aldeko eskualdean Xorroxin izeneko aldizkari eta irratian lan egiten zuen. Hasiera – hasieratik komunikabide hauen helburua baserri eta herri txikien arteko herritar sarea sortzea zen. Informazioa urruneko baserrietaraino eramatea eta, bide batez, biztanleria honen plataforma bihurtzea, herri erakunde edo pertsonek aho- tsa izateko aukera izan zezaten. Eginkizun honetan urteak zeramatzaten, baina Josebak informazio mahai honi hanka bat falta zitzaiola nabaritu zuen eta telebista katea sortzeko proposamena egin zuen; Tokiko telebista sortzea, hurbiletik hurbilera lan egingo zuena, hemengo errealitatea islatu eta gertutasunarekin konpromezua zuena.
Lehendabiziko momentuan zalantza asko sortu ziren; ez zen handikeria, gehiegikeriarik izango? Baliabideak izango zituzten? Langile kualifikatuak? Hala eta guztiz ere, proiektuan konfiantza izanik eta bai irrati bai aldizkarian lortutako gaitasun eta esperientziaz baliatuz, telebista katea aurrera eramatea erabaki zuten. Zalantzarik gabe erabaki ausarta, lan eta inplikazio handia beharko zuena baina, bide berean, ilusio eta etorkizun oparoaren promesarekin.
Lehenengo pausoak

Lehendabiziko eginkizuna hizkuntza minoritarioen zabalkuntzarako Europar Komunitateak eskaintzen zuen dirulaguntza eskuratzea izan zen, gutxi gora-behera aurrekontu guztiaren %33a. Hau lorturik, ekoizle baten laguntza lortu zuten eman beharreko lehendabiziko pausoak ikasi eta ongi emateko; batez ere tresneria egokiena aukeratzen eta erabil- tzen jakiteko. Puntu honetan Josebak argi hitz egiten digu: “Hasieran oso zuhur ibili behar ginen kontuekin, etxe bateko ekonomia balitz bezala. Ezin genuen ez geneukana gastatu edo publizitatearekin irabazi behar genuenaren inguruan ideia puztuak egin.” Beraz, kamera bat erosi aurretik hamar ikertzen zituzten, zeinek joko gehiago prezio murritzagoan eskainiko zuen egiaztatuz. Baliabide murritzen kontua ez zen bakarrik erosketetan geratu, non hamar urtetarako kreditu bat eskatu behar izan zuten, baizik eta hasierako langileak, hiru guztira, sei hilabetetan kobratu gabe lan egin zuten proiektua aurrera eramateko asmoz. Gainera, lan planteamendu alternatiboa sortu behar izan zuten. Normalean, kate handietan, kalean erreportaje bat egiteko orduan kamera, aurkezle eta soinuan lan egiteko 3 edo 4 pertsona daude, baina halakorik ezinezkoa zen Xaloan. Beraz erreportajeak edo elkarrizketak egiteko modua aldatu zuten pertsona batek dena egin ahal izateko.
Normala denez, kate honek glamourrari, edo izugarrizko kalitatezko tresneriari uko egin zion. Baina modu berean, herritako agendak, kontzertuak, nahiak eta gertaerak filmatu eta etxeetara bidaltzea lortu zuten. Azken finean Baztan eskualdeko ikus-entzuleentzako nahikoa, oso harrera ona eman baitzioten Xaloa Telebistari. “Eskualde honetan familian sartzeko helburua lortu genuen, eguneroko zaping-ean egotea.” Lan eginez, hiru langile izatetik urte batean zortzi izatera pasa ziren, gutxinaka saio berriak sortuz eta eskaintzaren kantite eta kalitatea hobetuz.
Oztopoak
Baina lanean eta katearen garapenean hamar urte baino gehiago igaro ondoren, helburuak lortzen ari zirenan, poztasuna eta giro bikaina izanik, bat-batean 2010ean Nafarroako toki telebisten eskualde mapak aldatu eta Baztanaldea telebista mapatik kanpo gelditu zen. Beraz, funtzionamendu oneko kate legal bat izatetik, kate alegal bat izatera pasa zen urte batetik bestera. Honek, zehazki, diru-laguntza guztien bukaera suposatu zuen Xaloa zenbaki gorritan utziz.
Aldaketa honek katearen amaiera suposatzen zuen, ohiko kate baten amaiera, baina hasieran aipatu bezala ez da Xaloaren kasua. Langileekin hitz eginez eta arazoak planteatuz, langile murrizketa egin ordez ERE batetan sartzea eta, gutxiago kobratuz, guztiak lanean jarraitzea erabaki zuten. Honela 2014 urtera arte jarraitu zuten, esfortzuz eta ilusioz aurrera eginez. Hala eta guztiz ere, etorkizun gogorra ikusten zenez, aldaketa baten beharrean aurkitu ziren eta, berriz ere, ausardiaren taldean jokatzea erabaki zuten. Kasu honetan lizentzia handiagoak eskatuz, lizentzia autonomikoa eta Iruñerriko lizentzia. Biak eskatu eta biak lortu zituzten. Diru esfortzu eta langile zama beharrei kontu eginez lizentzia autonomiko alde batera utzi eta Iruñerrikoa hartzea hautatu zuten. Hala eta guztiz ere, aurrera pausu galanta suposatzen zuen, zailtasunez betea. Josebaren hitzetan; “Aldaketa honek Udal txiki bat arautzetik Nafarroako Gobernua arautzera pasatzea balitz bezala suposatu zuen.”
Berriz ere, beldurrik gabe, esperien- tzian, motibazioan eta lortu nahi zuten helburuen ilusioan konfiantza jarriz aurrera jarraitu zuten.
Honela, Iruñerriko eskualdean igor- tzeko egoitza aukeratzean, Berriozar izan zen bisitatu zuten lehendabiziko herria. Ez zuten herri gehiagorik ikertu behar izan erabakia hartzeko. “Berriozarren geratu ginen ez beste herritan ezetz esan zigutelako, baizik eta hona etortzean izugarrizko harrera ona aurkitu genuelako. Udaletxetik, batez ere, euskararen teknikariaren partez erraztasun guztiak izan genituen eta, gure ustez, leku batetan hain harrera ona izanik eskertzekoa da eta ez beste lekutara joatea pentsatzeko unea.” Beraz, teknikoki Elomendiko errepikagailuaren seinalea ondo zetorrela ziurtatuz, gure herrian finkatzea erabaki zuten.
Garapena
Momentu horretatik aurrera, garapen motela baina ziurra izan dute. “Oraingoz ezagutze prozesuan murgildurik gaude, espero dugu 4 – 5 urtetan Baztanen izandakoa hemen lortzea, hau da familian, zaping arruntean sartzea eta Iruñerriko jendearekiko identifikazio lortzea.” Oraindik kontu guztietan zuhur ibili baldin behar badira ere, gaur egun Xaloak zortzi langileen soldatak ordaintzen ditu eta zabalkuntza prozesuan murgildurik daude. Espero dute saio berriekin eskaintza zabaltzea. Esate baterako, nekazaritza arloa jorratzen duen saioa, “Solas Ostatua” non herri desberdinetako pertsonak beren lurraldeen enbaxadoretzat aritzen diren edo “Nafarrak munduan” bezalako saio berria. Azken finean jendearen hurbiltasuna bilatuz “Herritik herrira”-ren filosofiaz jarraituz. Aldaketa honekin espero dute 20 – 25 langileetako pikoak izatea eta 12 – 15 bitarteko langilego finkoa ezartzea. Beraz, gutxinaka eta pausu ziurrez baliatuz gehiagora joateko asmoa dute, gure telebistetan presentzia gehiago izatea eta adin guztietako pertsonentzako katea bihurtzea. Helburu honetan daukaten erronka handiena programazio orokorrago eta ikus-entzule gehiagorentzako interesgarriagoak diren saioak sortzea da baina jatorritik daukaten gertutasun eta gizarte zerbitzu sena galdu gabe.
Azken finean ezohiko telebista katea daukagu Xaloa, gertutasuna eta gure herritako bizimodua miresten eta zabaltzen saiatzen dena. Baina garrantzitsuena hurrengoa da; telebista piztuta Xaloa ikusi ahal izatea, herri txikitako pertsona arruntek gizarte zerbitzu inguruko ideak izanik, lan eginez, esfor- tzuz eta bidean arnasa eta kemena galdu gabe, gure hizkuntza, nortasuna eta kultura Iruñerri osoan zabaltzeko gaitasuna izan dutela eta, batez ere, honelako ekintzak, nahiz eta oztopo handiak eduki, errealitate bihurtu daitezkela erakutsi digutela. Beraz, eskerrik asko eta etorkizun arrakastatsua opa dizuegu.

TESTUA: EGOITZ SÁNCHEZ • ARGAZKIAK: IÑAKI VERGARA


Comments are closed.